Etxetresna Elektrikoak
Babesteko Zerbitzuaren
Kontratuko Baldintza
Orokorrak.

Etxetresna Elektrikoak Babesteko Zerbitzuaren Kontratuko Baldintza Orokorrak

1. KONTRATUAREN XEDEA

Kontratu honen xedea da Energía Colectiva S.L.(e)ko bezeroei askotariko laguntza-zerbitzuak ematea (aurrerantzean, “Zerbitzuak”). Zerbitzu horiek emango ditu Energía Colectiva S.L.(e)k (IFZa:B.98.670.003; helbide soziala: Don Juan de Austria 28, 4. atea, 46002 Valentzia) (aurrerantzean, “Merkaturatzailea”) une bakoitzean kontratatuta daukan konpainiak.

Zerbitzu horiek kontratatzeko beharrezkoa da Bezeroak argindarra hornitzeko kontratu bat sinatua izatea Merkaturatzailearekin helbide bererako —Bezeroaren negozioa edo etxea—. Harekin batera kontrata daiteke, edo geroago.

2. ZERBITZUAREN ESTALDURAK

2.1 Etxetresna elektrikoak konpontzeko zerbitzua

BEZEROAK urteko bi esku-hartze eskatu ahal izango ditu, zerbitzua kontratatu eta 30 egun igarotzen direnetik aurrera. Esku-hartze bakoitzeko, barne hartzen dira joan-etorriak, eskulana eta gehienez 500 piezatan (BEZa barne).

Konponketa-lanak etxetresna elektriko hauetan bakarrik egingo dira (gama zuria): garbigailuak, lehorgailuak, hozkailuak, izozkailuak, ontzi-garbigailuak, kanpaiak, bitrozeramikak, sukalde elektrikoak eta labeak.

Diagnostikoa egiteko, bisita presentzial bat ala bideo bidezko diagnostikoa egingo zaion hautatu ahal izango du BEZEROAK. Dena den, bezeroak hautatuko du balio erantsiko zerbitzu hori aplikatuko zaion ala ez.

Konexio-zerbitzuetan, zerbitzua ez bada sartzen estalduraren barruan edota bezeroak produktuan barne hartzen diren urteko bi esku-hartzeak kontsumitu baditu, bezeroak ordaindu beharko ditu aurrekontua egitea eta gainerako zenbatekoak. Kasu horietarako, azken bezeroak aurrez ordaindu beharko du materialen zenbatekoaren % 50. Aurrekontua onartuz gero, bezeroak ordaindutako zenbateko hori zerbitzuaren zenbateko totaletik deskontatuko da.

Zerbitzu-ordutegia 08:00etatik 19:00etara izango da, astelehenetik ostiralera (jaiegunetan izan ezik).

Etxetresna elektrikoak konpontzeko zerbitzuko definizioak

  • Matxura: Ekipoak funtzionatzeko edo hura seguru erabiltzeko beharrezkoa den barne-osagai baten matxura.
  • Leherketa: Beroa eta gasak askatzen dituen energia-kantitate handi bat (termikoa, kimikoa edo nuklearra) bat-batean askatzea.
  • Sutea: Materia baten errekuntza, ondorio horretarako iturririk ez dagoela, edota bat-batean zabaldua.
  • Iruzurrezko erabilera: Hirugarren batek behar ez den moduan erabiltzea telefono-linea, mezuak, datuak eta deskargak.
  • Merkatu grisa (grey market): Enpresa batek produktuak salerostea, fabrikatzaile edo ekoizleak baimendutako banaketa-kanalak ez diren beste kanal batzen bidez.
  • Gaintentsioa: Potentzia elektrikoa areagotzea, lesio edo kalteak eragiteko neurrian.
  • Ekipoarekin batera datozen osagarriak: Jatorrizko produktuarekin batera datozen eta fabrikatzaileak eman dizkion osagarri gehigarriak (adibidez, urrutiko aginteak, uhalak, kargagailuak, entzungailuak).
  • Tximista: Tximistak zuzenean elementu fisikoetara transferitzea.
  • Erantzukizunaren muga (kalte-ordaina): Emandako estaldurei dagokien gehieneko zenbatekoa. Konponketak ordaintzen ditugu, Kontratuan ezarritako erantzukizun-mugaraino.
  • Galtzea: Ekipoa ez edukitzea edo ezin berreskuratu ahal izatea, indarra erabiliz egindako lapurretak, zorro-lapurrek edo ebasketak eragin ez duen nahi gabeko gertaera baten ondorioz.
  • Ekipoa: Erositako produktua, bezeroaren jabetzakoa.
  • Ekipoaren erosketa-data: Ekipo berria txikizkari bati eta lehen aldiz erosi zitzaion data.
  • Jatorrizko erosketa-prezioa: Zure ekipoaren erosketa-prezioa, zure erosketa-ziurtagirian jartzen duena (BEZa barne). Jatorrizko erosketa-prezioak ez du zertan bat etorri ekipoaren fabrikatzailearen prezio ofizialarekin. Hala ere, ekipoaren erosketa-prezioa ezin bada zehaztu beste produktu edo zerbitzu batzuekin batera erosi delako, ekipoa erosi zen datan fabrikatzaileak zuen prezio ofiziala izango da jatorrizko erosketa-prezioa.
  • Erosketaren ziurtagiria: Erosketaren ziurtagiri bat (esate baterako, faktura bat), zure ekipoa adierazitako datan erosi zenuela frogatzen duen dokumentua. Dokumentuak barne hartu beharko ditu ekipoaren identifikazio-datu batzuk, hala nola fabrikatzailea, mota/modeloa, serie-zenbakia edo IMEI zenbakia. Aparatuak 10 urte baino gehiago dituela uste izateko arrazoizko zantzuak daudenean bakarrik eskatuko da erosketaren ziurtagiria.
  • Berri gisa berregokitua: Hornitzaile baimendu batek berria balitz bezala berriztatu duen ekipoa, errendimenduari eta itxurari dagokienez.
  • Narriatzea: Narriatzearen edo hondatzearen ekintza edo prozesua; bereziki, elikagaiena eta arroparena.
  • Bandalismoa: Zuretzat ezezaguna den hirugarren batek zure ekipoari nahita egindako kaltea.
  • Gabezia-aldia: Kontratu honetako estaldurak erabili ezin dituzun hasierako aldia.

2.2 Matxura elektrikoen zerbitzua

Kontratazioa egin eta 30 egunera eskatu ahal izango da, eta hauek barne hartuko ditu:

  • Instalazio elektrikoko matxuren presazko konponketa deia jaso eta gehienez ere 3 orduan, betiere matxuraren jatorria BEZEROAREN instalazioetan badago eta etxebizitza barruko erabateko matxura edo etxebizitza bizitzeko moduan uzten ez duen akatsa gertatu bada argindarra hornitzeko sisteman.
  • Instalazio elektrikoko matxuren konponketa ez-presazkoa, gehienez ere 48 orduko epean lanegunetan (astelehenetik ostiralera, jaiegunetan izan ezik; 8:00etatik 19:00etara), aurreko puntuan presazko matxuratzat jotzen ez diren matxuretarako.
    • Joan-etorriak eta gehienez ere 3 orduko eskulana doakoak dira, matxura bakoitzeko. Baldin eta Bezeroak egiazko informazioa eman ez duelako modu bidegabean presazko gisa tratatutako konponketa bat egin bada (huts egindako bisita), Bezeroak zuzenean ordaindu beharko dio konponketaren zenbateko osoa Zerbitzu-emaileari, joan-etorrien eta 3 orduko doako eskulanaren onurarik atera gabe.
    • Piezak edota 3 ordutik gorako eskulana behar dituzten konponketen kasuan, aurrekontu bat egingo da aurretiaz, eta bezeroak ez du matxura konpontzeko konpromisorik izango. Aurrekontu horrek barne hartuko ditu piezen kostua eta 3 ordutik aurrerako eskulana. Bezeroak, onartuz gero, aurrekontua onartzean hautatutako bitartekoaren bidez ordaindu beharko du.

Matxura elektrikoak konpontzeko zerbitzuko definizioak

  • Larrialdia: bat-bateko eta aurreikusi gabeko etxeko egoera bat, zeinak, ez bada berehala konpontzen, zure etxebizitza ez-segurua izatea edo babesik gabe geratzea eragin baitezake, edota hari nahiz hango edukiari kalte gehiago eragingo baitizkio, edota zure etxebizitzako argindar-iturri nagusia galtzea eragin baitezake.
  • Etxebizitza: kontratatutako produktuan agertzen den bizilekua. Kontuan izan ez direla estalduran sartzen Etxebizitza nagusiko barruko ateren batetik irispiderik ez duten garaje eta aretoak.
  • Etxebizitza bizitzeko desegokia: etxebizitzan geratu ezin izatea kontratu honek estaltzen dituen gertaera batzuen ondorioz, oinarrizko premiak gogobetetzea eta hartan bizitzeko baldintza seguruak izatea eragozten duelako.
  • Kalte elektrikoak: etxebizitza bizitzeko desegokia egiten duen etxebizitza barruko argindar-hornikuntzako sistemaren erabateko matxura edo akatsa.

3. ESTALDURATIK KANPO

3.1 Etxetresna elektrikoen konponketa-zerbitzua

Etxetresna elektrikoak konpontzeko zerbitzutik kanpo geratzen dira berariaz gertaera hauek:

  • Istripuzko kaltea.
  • Zerbitzuaren kontratuak barne hartzen duen alditik kanpo: zure kontratua hasi aurretik edo amaitu ondoren gertatutako edozein gorabehera.
  • Zure ekipoan lehendik zeuden kalte edo akatsak.
  • Bermealdian gertatzen den edozein akats edo matxura.
  • Fabrikatzailearen bermeak estali ez duen edozein akats edo matxura.
  • Ekipoa fabrikatzailearen jarraibideetan jasotzen den moduan ez erabiltzeak eragindako kalteak (adibidez, modu desegokian instalatzea eta muntatzea).
  • Serieko produkzioko akatsek eragindako kalteak eta fabrikatzaileak produktua merkatutik kentzeko egindako kanpainekin erlazionatutako kalteak.
  • Ekipoa merkataritza-erabilerarako edo erabilera ez-pertsonalerako erabiltzea.
  • Bezeroak legez kontra jarduten duenean, edozein debeku eta araudi urratzen duenean edota ekipoa legez kanpo erabiltzen duenean.
  • Ekipoa zabarkeriaz edo modu desegokian erabiltzea.
  • Bezeroak nahita egindako ekintzek edo ez-egiteek eragindako kalteak edo erabiltzaile baimendu batek bezeroaren ekipoari eragindako kalteak.
  • Indarra erabiliz etxeetan, ibilgailuetan, lokaletan (indarra erabiliz edo ez) lapurtzea, atrakoa, zorro-lapurrek lapurtzea eta ebastea.
  • Galtzea.
  • Suteak, tximistek, gaintentsioak, tentsioak, leherketak eta bandalismoak eragindako kalteak.
  • Softwareko eta sistema eragileko akats edo aldaketek eragindako edozein gertaera.
  • Ekipoa nahita denbora luzez airearekiko eta hezetasunarekiko esposizioan edukitzearen ondoriozko herdoiltzetik, higaduratik eta korrosiotik eratorritako kalteak.
  • Erabiltzailearen mantentze-lanak behar dituzten ekipoen funtzionamenduari lotutako edozein pieza kontsumigarriren edo osagarrien kostuak, baldin eta, haien kokapena dela eta, ez bada beharrezkoa elementu mekaniko konplexuak kentzea haietara iristeko. Atal hauek izan ditzakete, baita gehiago ere: kargagailuak, aldez aurretik matxurarik ez duten gas-kargak, urrutiko aginteak, sakagailuak, erabiltzaileak erraz ateratzeko moduko bateriak, iragazkiak, gomak, uhalak eta hodiak.
  • Ekipamenduaren funtzionamendu eta erabilera seguruari eragiten ez dioten kalte estetikoak eta/edo matxurak, baldin eta ekipamendua garbituz edo mantentze-lan arrunta eginez konpon badaitezke. Kalte estetikoan barne hartzen dira, besteak beste, urratuak, mailatuak, bihurrituak, koloregabetzeak, arrail txikiak eta markak.
  • Hirugarren baten zerbitzuek eragindako arazoak (adibidez, argindar-hornidura, gasa, ura, banda zabala, Internet eta irratia).
  • Zure ekipoa Kontratu honen arabera guk egindako zerbitzuren batekin bat ez datorren mezularitza- edo posta-enpresaren batek edo bestelako edozein entrega-zerbitzuk duela sortutako edozein kalte eta akats.
  • Hondarra sartzea: ekipoan hondarra sartzeak eragindako kaltea.
  • Kanpoko gertaerek eragindako kalteak: ekaitzak; naturaren indarra; energia nuklearra; lurra hondoratzea, intsektu-izurriteak; pultsu elektromagnetikoa, giza jatorrikoa zein jatorri naturalekoa, filtrazioz, poluzioz edo kutsaduraz jasoa; erradiazio ionizatzailea edo erradioaktibitateak eragindako kutsadura (edozein erregai nuklearrena, erregai nuklearra erretzearen ondoriozko edozein hondakin nuklearrena edo edozein makina nuklear leherkorren edo haren edozein zatiren propietate erradioaktibo, toxiko, lehergarri edo beste edozein ezaugarri arriskutsurena); soinuaren abiaduran edo hori baino azkarrago bidaiatzen duten aireontzien eta beste objektu hegalari batzuen presio-uhinak.
  • Zuzenean edo zeharka, gerra baten, inbasio baten, iraultza baten edo edozein terrorismo-ekintzaren ondorioz edo haiekin lotuta eragindako kalteak, kontuan hartu gabe aseguratutako ekipamendua aldi berean edo geroago kaltetzen edo galtzen lagundu dezakeen beste edozein kausa edo gertakari. Estalduratik kanpo geratzearen ondorioetarako, baldintza hauek bete behar dira ekintza bat terrorismo-ekintzatzat hartzeko: edozein pertsonak edo pertsona-taldek indar biologikoa, kimikoa eta/edo nuklearra erabiltzea edo erabiltzeko mehatxua egitea, dela bere izenean, dela helburu politikoekin, erlijiosoekin, ideologikoekin edo antzekoekin konprometitutako edozein erakunderekin edo gobernurekin elkar hartuta, barne hartuta edozein gobernutan eragiteko asmoa edo gizartean edo haren edozein sektoretan izua eragiteko asmoa. Halaber, kontratu honi dagokion egoitza-herrialdeko gobernuak terrorismo-ekintzatzat jotzen duen edozein ekintza joko da terrorismo-ekintzatzat.
  • Bitrozeramikak haustea
  • Estalduran sartuta dauden eta 3 urtetik beherako antzinatasuna edo 10 urtetik gorakoa duten etxetresna elektrikoen konponketak.

3.2 Matxura elektrikoen zerbitzua

Oro har, salbuespen hauek aplikatzen dira matxura elektrikoen zerbitzuan:

  • Erabilera komertziala: estalduratik kanpo geratzen dira enpresa- eta merkataritza-erabilerako eraikinak eta ekipo profesionalak. Halaber, salbuetsita daude etxebizitza partikularraren barruan merkataritza-erabilerarako erabiltzen diren lan-eremu independenteak.
  • Horniduraren aldi baterako eten arrunta: etxebizitzako zerbitzu publikoak (elektrizitatea, ura edo gasa barne) etetearen, huts egitearen edo deskonektatzearen ondorioz sortutako erreklamazioak, arrazoia edozein dela ere.
  • Nahita edo iruzurrez egindako ekintzak: zuk edo zurekin bizi direnek nahita egindako ekintzak eta iruzurrezko ekintzak eta haien ondorioak.
  • Etxebizitzaren jabetzaren mugetatik kanpo gertatutako kalteak: murruak, ateak, heskaiak, hesiak, aretoak, estalguneak, garaje independenteak eta zure etxebizitzaren jabetzaren mugetatik kanpo dagoen beste edozein gela edo toki. Halaber, salbuetsita dago etxebizitza-eraikin baten eta dagokien argindar-hornitzaileen erantzukizunekoak diren instalazioetarako laguntza.
  • Produktuaren estalduraren hasierako data baino lehenagoko kalteak: produktu hau kontratatu aurretik ezagutzen zenuen gertaera batetik eratorritako kalteak.
  • Mantentze-lanak ez egiteak eragindako kalteak: zabarkeriaren eta mantentze-lanik ez egitearen ondorioz pixkanaka narriatzeak eragindako kalteak.
  • Eraikuntzako akatsen batek eragindako kalteak: eraikuntzako akats baten edo okerreko instalazio baten ondorioz sortutako kalteak.
  • Kanpoko gertaerek eragindako kalteak. Honako kanpo-gertakari hauek sortutako edo haietatik eratorritako kalteak: ofizialki aitortutako hondamendi naturalak eta katastrofeak, honako hauek barne: pultsu elektromagnetikoa (giza jatorrikoa zein jatorri naturalekoa), arma nuklearrek edo erradioaktibitateak eragindako erreakzio nuklearra edo kutsadura, filtrazioa, kutsadura edo poluzioa; gerra, gerra zibila, inbasioa, iraultza, istiluak, altxamendu zibila, indarkeria politikoko ekintzak, atentatuak edo terrorismo-ekintzak; ugazaben itxierak edo lan-gatazkak, desjabetzea edo antzeko interferentziak, konfiskazioa, dekretu ofizialak edo agintari publikoen bestelako interferentzia batzuk..
  • Kondizio meteorologiko txarrak: kalteak eta arazo sozialak eragin ditzakeen eta giza bizitzak galtzea eragin dezakeen edozein fenomeno meteorologiko arriskutsu. Fenomeno meteorologiko gogorren adibide dira, besteak beste, haize gogorrak, txingorra, gehiegizko prezipitazioak, ekaitz elektrikoak, haize-boladak, tornadoak eta elur-ekaitzak.
  • Konponketarako erabilitako edozein kontsumigarri.
  • Bizigarritasun-ziurtagiririk egin ez zaien edo tokiko erakundeek bizigarritasun-ziurtagiria kendu dieten etxebizitzak/lokalak.

4. KONTRATUAREN IRAUPENA

Kontratu hau indarrean sartuko da sinatzen den egunean, eta hamabi hilabeteko iraupena izango du, baldin eta ez bada beste iraupen bat zehazten baldintza berezietan; aldi berdinetan luzatzen dela joko da isilbidez, alderdietako edozeinek ez badu salaketarik aurkezten idatziz kontratuaren edo luzapenetako edozeinen epea amaitu baino hamabost egun lehenago gutxienez; jaso izana ziurtatzeko aukera ematen duen bitartekoren bat erabili beharko da horretarako. Bezeroak Kontratua epea baino lehen amaitzea premiatu ahal izango du. Horretarako, garbi adierazi beharko dio Merkaturatzaileari, eskaera egin dela ziurtatzen duen edozein bitarteko erabiliz, eta aurreabisu bat eman beharko dio kontratua iraungi baino hilabete lehenago. Kontratuaren aurretiazko amaiera horrek ez du izango inolako penalizaziorik.

Merkaturatzailearekiko argindar-hornidurako kontratua dena delako kausagatik amaitzeak Kontratu hau amaitzea eragingo du.

5. LANGILEAK

Langile kualifikatu eta behar bezala ziurtatuek emango dituzte Kontratu honen xede diren zerbitzuak.

6. ATZERA EGITEKO ESKUBIDEA

Bezeroak kontratu hau baztertu ahal izango du hamalau eguneko epean, sinatzen denetik edota kontratuaren dokumentazioa jaso zuenetik zenbatuta (kontratua gauzatu baino geroago izan bazen, urrunetik egin bazen —telefonoz edo Internet bidez— edo Merkaturatzailearen establezimenduetatik kanpo egin bazen), eta bezeroak kontsumitzaile-izaera badu Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginaren (azaroaren 16ko 1/2007 Errege Lege Dekretuaren bidez onetsia) 3. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Bezeroak atzera egiteko eskubidea gauzatu ahal izango du bere erabakia arrazoitzeko beharrik gabe eta inolako penalizaziorik gabe, baina jasotako zerbitzuak merkatu-prezioaren arabera konpentsatzeko betebeharra izango du. Zuzenbidean onartutako beste edozein modu erabiltzea eragotzi gabe, Bezeroak atzera egitea gauzatu ahal izango du Merkaturatzaileari Atzera egiteko Dokumentua bidaliz. Agiri hori, behar bezala beteta, helbide honetara bidaliko dio: Don Juan de Austria 28, 4. atea, 46002 Valentzia.

Enpresa-jardueraren edo jarduera profesionalaren esparruan egindako kontratuek ezingo dute baliatu kontratuan atzera egiteko eskubidea.

7. ONURADUNA

Onuraduna da (dokumentu honetan Bezeroa ere esan zaio) Merkaturatzailearekin bere negoziorako edo etxebizitzarako argindar-hornidura aktibo bat kontratatu duen eta hornidura hori daukan pertsona fisiko edo juridikoa, salbuetsita daudela jabeen erkidegoak, garajeak eta aparkalekuak.

8. LURRALDE-EREMUA

Espainiako edozein tokitan eman ahal izango dira zerbitzuak.

9. BERMEA

Merkaturatzaileak bermatuko du mantentze-lan eta konponketa-zerbitzu guztiak zerbitzu-kalitate handienarekin egingo direla, eta, materialen bat erabili behar bada, material bermatu onenak erabiliko direla. Lanak amaitu ondoren, profesionalak lanean aritu den eremua garbituko du. Zerbitzu horiek 6 hilabeteko bermea dute, amaitzen direnetik zenbatuta.

10. PREZIOA

Baldintza berezietan zehazten da prezioa. Urteko zenbatekoa argindarraren horniduraren fakturazioko aldien arabera zatikatuko da.

Merkaturatzaileak gorantz edo beherantz aldatu ahal izango du prezio hori, eguneraketa horren aurreko 12 hilabeteetan KPIak izan duen aldaketaren arabera. Urte guztietako urtarrilaren 1ean egingo da eguneraketa. Bestalde, Bezeroaren konturakoak izango dira gastu, kostu eta zerga eskagarri guztiak, barne dela Balio Erantsiaren gaineko Zerga; ondorioz, aplikatu beharreko prezioa handiagoa izatea eragingo dute.

Merkaturatzaileak Bezeroari eskaintzen dizkion sustapen, deskontu eta osagarriak haien baldintza espezifikoetara eta haietan zehaztutako denborara mugatuko dira, ez dute gerora indarrean jarraituko, eta Bezeroari ez diote emango haiek mantentzeko inolako eskubiderik. Aurrekoaren kalterik gabe, jasanarazitako zerbitzuen kostuak eta prezioak aldatu ahal izango dira haiek zehazteko kontuan hartu diren osagaietakoren baten zenbatekoa aldatzen denean, edota Merkaturatzaileak hala jakinarazten badio Bezeroari. Egokitzapen edo aldaketa horren berri eman beharko zaio Onuradunari, konforme ez badago Merkaturatzaileari Kontratua indargabetu nahi duela adieraz diezaion idatziz, 30 eguneko epean. Bezeroak ez badu erantzuten epe horretan, prezio berria onartu duela joko da. Merkaturatzaileak ez du izango Kontratu honen xede diren zerbitzuak emateko betebeharrik baldin eta Onuradunak ez baditu garaiz ordaindu haien prezioak.

11. FAKTURAZIOA, EPEAK ETA ORDAINTZEKO MODUA

Merkaturatzaileak baldintza berezietan eta Kontratu honen baldintza orokorretan jasotzen diren modalitatearen, aldizkakotasunaren eta prezioaren arabera fakturatuko dio bezeroari.

Zerbitzuen prezioa eta dagokien BEZa ordainduko ditu Bezeroak, Merkaturatzailearekin adostuta daukan argindar-hornikuntzako zerbitzuaren fakturarekin batera, Bezeroak esleitutako banku-kontuko zordunketa bidez. Zerbitzu bakoitzari dagokion hileko kuotaren ordainagiria zordunketa edo helbideratze bidez pasatuko da bezeroak adierazitako banku-kontura; hura identifikatzeko, SEPA mandatua txertatu da Kontratu honetan, bezeroak ere sinatua.

12. NEGOZIO-LOKALERAKO EDO ETXEBIZITZARAKO IRISPIDEA

Kontratatutako Zerbitzuak eman ahal izateko, Bezeroak negoziora edo etxebizitza pertsonalera sartzea erraztu beharko die Merkaturatzaileak behar bezala ziurtatutako langileei.

13. ERANTZUKIZUNA

Onuradunak eta Merkaturatzaileak uko egiten diote ondoriozko kalte eta zeharkakoengatik eta onura-galerengatik elkarri erantzukizuna eskatzeari, betiere ez badira dolozko ez-betetze batetik eratorri.

14. KONTRATUA LAGATZEA

Alderdietako edozeinek eskualdatu ahal izango du Kontratu hau, betiere beste alderdiari idatziz jakinarazten badio, eta Bezeroaren lagapen-hartzailea alderdi igortzaileari dagozkion eta Kontratu honetatik eratortzen diren betebehar eta eskubide guztietarako subrogatzen bada. Halaber, Onuradunak kontratua laga aurretik, egunean izan beharko ditu ordainketei dagozkien betebeharrak, eta ziurtatu beharko du lagapen-hartzailea dela negozioko edo etxebizitzako argindar-hornidurako kontratuaren titular berria.

15. KONTRATUA BALIOGABETZEA

Kontratua dagokion epearen aurretik baliogabetu ahal izango da hauetako kausaren bat gertatzen denean:

  • Kontratu honetan ezarritakoaren arabera hartutako ordainketa-betebeharrak ez betetzea.
  • Okupatzaileak ez uztea negozioan edo etxebizitzan sartzen, kontratatutako zerbitzuak emateko.
  • Negozioari edo etxebizitzari dagozkion instalazioak zerbitzuan eta funtzionamenduan jartzeko beharrezko baimen administratiboak ez edukitzea, iraungita edukitzea edo baliogabetuta edukitzea.
  • Negozioa edo etxebizitza argindarrez hornitzeko bezeroak hitzartutako kontraturik ez izatea edo amaituta nahiz baliogabetuta edukitzea.
  • Halaber, Kontratu honek ez duenez barne hartzen jabeen erkidego, garaje eta aparkalekurik, Merkaturatzaileak epearen aurretik ebatzi ahal izango du, Bezeroa horietako egoeraren batean dagoela jakiten duen unean.

16. GATAZKAK KONPONTZEA

Kontratu honen interpretazioari eta hura betearazteari dagokienez izan daitezkeen desadostasunak konpontzeko, baldintza berezietan jasotzen diren zerbitzuak ematen diren tokiari edo erabiltzailearen etxebizitzari dagozkion epaitegien eskumenaren mende geratzen dira bi alderdiak; erabiltzaileak aukeratu ahal izango du epaitegia, kontsumitzaile-izaera edo erabiltzaile-izaera badu, azaroaren 16ko 1/2007 Errege Lege Dekretuaren bidez onetsitako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginaren arabera.

17. DATUEN BABESA

Etxetresna elektrikoak babesteko zerbitzuak eskaintzeak berekin dakar Bezeroaren datu pertsonalak tratatzea, zeinak Kontratu honetan, argindarra Kontratatzeko Baldintza Orokorretan eta pribatutasun-politikan zehazten denaren arabera tratatuko baitira.

Energía Colectiva S.L. sozietatea izango da tratamenduaren arduraduna (posta-helbidea: Don Juan de Austria 28, 4. atea, 46002 Valentzia eta IFZa B.98.670.003). Datuak babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jartzeko, bidali mezu elektroniko bat dpo@masmovil.com helbidera.

Zerbitzu hori emateko, Merkaturatzaileak identifikazio-datuak, harremanetarakoak eta ordainketari eta Bezeroaren hornikuntzari dagozkion datuak tratatuko ditu, Kontratu honi jarraituz, Etxetresna elektrikoak babesteko zerbitzua kudeatzeko eta emateko. Bezeroak ez badu horietako daturen bat ematen, edo ez badira zuzenak, ezin izango da Zerbitzua eman.

Merkaturatzaileak, Zerbitzua emateko, zerbitzu hori Merkaturatzailearen kontura ematen duten hirugarren enpresei emango dizkie identifikazio- eta kontaktu-datuak eta hornikuntzari dagozkionak. Merkaturatzaileak kontratuak ditu enpresa horiekin, zerbitzua ematearen ondorioz izan ditzaketen datu pertsonalen segurtasuna eta tratamenduaren legezkotasuna bermatzeko. Merkaturatzaileak ez du aurreikusten datuen nazioarteko transferentziarik egiterik.

Kontratuak irauten duen artean gordeko dira datuak, eta, kontratua ebatzi ostean, blokeatuta , Merkaturatzaileak bete beharreko legezko betebeharrak iraungi arte.

Datu horietara irispidea izateko, haiek zuzentzeko, ezeztatzeko, tratamenduari aurka egiteko edo mugatzeko eta datuak eramateko eskubideak balia ditzakezu Don Juan de Austria 28, 4. atea, 46002 Valentzia helbidera edo privacidad.energia@energygo.es helbide elektronikora idatzita. Zer eskubide gauzatu nahi duzun adierazi beharko duzu, eta beharrezko dokumentazioa erantsi. Halaber, jakinarazten dizugu Datuak Babesteko Espainiako Agentziari Erreklamazio bat aurkezteko eskubidea ere baduzula.

Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren webgunean zure eskubideak gauzatzeko lagungarriak izango zaizkizun eredu batzuk dituzu.

Zalantzaren bat baduzu zure datu pertsonalen tratamenduaren inguruan, Datuak Babesteko gure Ordezkariarekin harremanetan jar zaitezke, dpo@masmovil.com helbidera mezu elektroniko bat bidalita.

18. BEZERO-ARRETA ETA KOMUNIKAZIOAK

Erabiltzailea edozein bitarteko erabiliz jarri ahal izango da Merkaturatzailearekin harremanetan.

Merkaturatzailea hainbat bitartekoren bidez jarriko da harremanetan bezeroarekin, hala nola posta elektronikoz, testu-mezuen bidez (SMS), aplikazioen barruko jakinarazpenetatik, mezu edo komunikazioak webgunean argitaratuz edo Merkaturatzailearen beste edozein zerbitzuren bidez.

Kontratu hau sinatzen duten aldeen arteko komunikazioa errazteko, aldeok konpromisoa hartzen dute kontratazio-eskabidean jakinarazitako telefono mugikorraren, faxaren, helbide elektronikoaren eta posta-helbidearen zenbakiei eusteko, eta adierazten dute 14 eguneko epean jakinaraziko dizkiotela beste aldeari komunikazio-bideotan eginiko aldaketak, bide fede-emaileak baliatuz.

Merkaturatzaileak telefono bidezko arreta-zerbitzua izango du 914522986 zenbakian. Bezeroak eskura izango du zerbitzu hori, Kontratu honekin zerikusia duen edozein gorabehera argitzeko.

ETXETRESNA ELEKTRIKOAK BABESTEKO ZERBITZUAN ATZERA EGITEKO FORMULARIOA

14 egun naturaleko epean, zure kontratuan atzera egiteko eskubidea duzu.

Formulario hau erabil dezakezu Energía Colectiva S.L.(r)rekin EnergyGO hitzartuta duzun etxetresna elektrikoak babesteko kontratuan atzera egiteko. Ez da beharrezkoa inprimaki hori erabiltzea. Kontratua posta elektroniko bidez edo posta-gutun bidez identifikatuta edota beste edozein modutan eman diezagukezu zure erabakiaren berri.

Helbide elektronikoa: cliente@energygo.es
Posta-helbidea: Energía Colectiva S.L., Don Juan de Austria 28, 4. atea, 46002 Valentzia



Dokumentu honen bidez jakinarazten dut ATZERA EGITEN dudala __________________________________________________HPKU zenbakia duen etxetresna elektrikoak babesteko kontratuan

.

___________(e)ko ___________________aren _____(e)(a)n, eskatutakoa.

Bezeroaren izen-abizenak: _______________________________________

NANa/IFKa: ________________________

.

Helbidea: ____________________________________________________________

Udalerria: ____________________________________________________________

Probintzia: ______________________ Posta-kodea: ___________________

Eguna: ___________________________

Sinadura: